XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

- Alto, alto! Ez mugitu! Armatuak gaude! -bi soldaduz lagundurik gizon sendo batek gure gibelean oihu. Hirurok asaldatu ginen ezustezko agindu hura entzutean. Edurne zalapartatsu jarri zen.

- Neska, zeu ere geldi, bestela kartutxera honetako balak burura hustuko dizkizugu! -Aurpegira so egin nien zehatz, eta, hain zuzen, soldaduak guk bezala izuz beteta zeudela ohartu nintzen.

- Esaiguzue non gauden, galdu egin gara eta. Mendian lau bat egun daramatzagu, hara-hona errati.

Frai Eustakio erantzuteko prest azaldu zen, baina nik aurrea harturik:

- Itziarko lurretan zaudete. Itxaspe han duzue, Deba herria behean, itsasoa, berriz, mendi horren ostean. -Berriro begietara fijo so egin nien inolako izurik ukanen ez bainuen, eta galdera egin-: Zuek ere ihes al zatozte?

Buru egiten zuenak txamarra desegoki zeraman, alkandora kanpora eta lepoan painelu zuria izerdia lehortzeko. Gazteenak musaje zurbila zuen eta tximaje latza kopetara erorita, halako irri idiota izua disimulatzearren noiz-noiz jalgitzen zuela. Zaharrenak niri:

- Belkoain, Andatza, Aia eta Pagoeta barrena alde honetan sartu gara, baina orain ez dakigu zehatz non gauden. Villabonan errekete nafarrek eurekin nahitaez alistatu nahi izan gintuzten, baina guk gauez ospa egin genuen fusilak ostuta, euskaldunen aurkako gerrarik ez genuela egin nahi eta Gudarien bila gabiltza.

- Hortaz ez zarete Mola jeneralaren aldekoak? -bizkorki Edurnek.

- Ez, noski.

Frai Eustakiok ogi kozkor bana eskaini zien, txorizo-mutur bat eman ondoren.